Thursday, May 23, 2013

Hitzarako elkarrizketa

Hemen duzue Joxemi Saizarrek Hitzarako egin digun elkarrizketa. Berak galderak bidali dizkigu eta guk idatziz erantzun. Gehiago luza gintezkeen baino agian aurrerago ata atalka egiten saiatuko naiz.


-         Nolatan animatu zineten New Yorkera joateko?
Izaskunen aspaldiko ametsa familia osoa atzerrira joatea zen eta urte batzuk zeramatzan aukera ezberdinak aztertzen. Dena den, seme-alabak txikiak zirela eta nik traba ugari ikusten nituen eta gaia atzeratuz joan ginen. Orain dela bost bat urte ametsa egia bihurtzen hasteko garaia zela ikusi genuen. Horretarako Izaskun egonaldi interesgarria eskainiko zion ospitale baten bila hasi zen eta ni nire aldetik, baimen ordaindu bat lortzeko aukerak handituko nituelakoan, doktoradutza egiteko bidea hasi nintzen. Gauzak horrela orain dela hiru urte Izaskunek New Yorkeko Memorial Sloan-Ketterin Cancer Center ospitalean elkarrizketa bat egiteko aukera izan zuen. Urte beteko egonaldia egiteko eskaintza egin zioten eta ondoren, hemen ginelarik beste urte beterako luzatzeko aukera eman zioten.
-         Zein zailtasun izan zenituzten?
Estatu Batuetara hiru ilabete baino denbora luzeagoz etortzeko asmoa izanez gero bisadua behar da eta hori lortzeko dokumentazioa hemen egongo zaren lantokiak, ikastetxeak edo unibertsitateak bideratu behar dizu. Hau izan zen lehen pausua. Ondoren pisu baten bila hasi ginen eta azken unerarte ez genuen ezer topatu, eta topatu genuenean kontuak egin genituen eta diruz oso-oso larri ibiliko ginela ohartu ginen, hemen pisu bat alokatzea ikaragarri garestia baita. Hala ere aurrera egitea erabaki genuen. Behin hemen ginelarik lehengo bi egunetan pisua hutsik zegoen eta gaizki ulertu baten ondorioz argindarrik gabe ere egon ginen. Bidai eta aldaketaren urduritasunaz gain lehengo bi egun horiek iritsiera gogor xamarra egin zuten. Hortik aurrera zailtasunak-zailtasun, dena hobera joan da.
-         Zertan ari zarete lanean edota ikasten?
IXA: Ni hematologian aditua naiz eta hemen hezur muineko edo odoleko zelula amen trasplante unitatean lan egiten dut. Memorial Sloan-Ketterin ospitalea odoleko zelula amen trasplantean Estatu Batuetako onenetarikoa da. Urtean 400 bat trasplante egiten dituzte eta sekulako ikerkuntza proiektuak dituzte. Hona emaile konpatiblerik ez duten gaixoentzako trasplante teknika berriak ikastera etorri nintzen. Bereziki zilbor esteko zelula amen trasplantean ari naiz lanean.
Andu: Nik lehendabiziko urtean Eusko Jaurlaritzak material didaktikoa sortzeko eskaintzen dituen beketako bat irabazi nuen eta ariketa fisikoa eta osasunaren inguruko web horri didaktiko bat egin nuen. Norbaitek ikusi eta erabili nahi izan balu, hau da helbidea: https://sites.google.com/site/gureosasunahobetudezagun/
Aurten berriz, nire kabuz, entrenatzaile pertsonal gisa ari naiz. Oso interesgarria suertatzen ari da. Mundu guztiko bezeroak izan ditut.

-         Zein izan dira zuen bizipen nagusienak?
Eguneroko bizitza “erosotik” ateratzeak kosta egiten du. Hasiera gogorra izan zen. Herrialde berri bat, hizkuntza “ezezaguna”, lagunik edo senitartekorik ez... Orain, atzera begiratzean eta konturatzean, zerotik hasita berriz ere gure bizitza eraikitzeko gai izan garela poz handia ematen du. Munduko txoko askotako lagun ugari egin ditugu. Honek azalpentxo bat behar du. Manhatanen ondoan Roosevelt Island izena duen irla txiki batean bizi gara, eta bere kokapena dela eta (Nazio Batuetatik gertu eta bi unibertsitate eta ospitale handietatik gertu dago) mundu guztiko jendea bizi da bertan. Ideia bat egiteko, eskolan 56 herrialde ezberdineko ikasleak daude. Lagunaz gain, hizkuntza berri bat txukun xamar ikasteak mundu berri batetarako ateak irekitzen dizkizu.
Ixa: nire kasuan famili eta lan bizipenak izugarri aberasgarriak izaten ari dira. Ospitalean hasiera ez zen xamurra izan. Giroa oso lehiakorra da, baina lan asko egin ondoren, izugarri baloratua sentitu naiz. Egunero zer edo zer interesgarria ikasteko aukera izaten ari naiz.
-         Urte t,erdi baino gehiago daramazue. Espero zenutena aurki al duzue, bete dira zuen itxaropenak?
Gure hasierako asmoak, bi maila hartzen zuten, Izaskunen lana eta formazioa eta familia bezala esperientzi berri bat bizitzea. Biak izugarriak izaten ari dira.
-         Zer egin zaizue harrigarrien horko bizimoduan?
Hemen, toki guztietan bezala, bizimodu ugari daude eta zaila da orokortzea. Gure eguneroko bizimodua ez da horrenbeste aldatu, eskola, lana, kirolak, musika... Asteburuetan mendi bueltan bat egitea faltan botatzen dugu, hori bai.

-         New York handia da. Nola eragiten dizue horrek eguneroko bizimoduan?
Handi izan arren metroan edozein tokira nahiko bizkor iristen zara. Gainera esan bezala pasa den urtean seme-alabak bizitza osoa ia irlatik atera gabe egiten zuten. Eskolara joateko adibidez bost minutu oinez besterik ez dituzte behar. Aurten, gure alaba zaharrenak, Marenek, Manhattango beste puntan dagoen eskola batetara joaten da eta 40 minutu inguru behar ditu metroz hara iristeko. Izaskunek 25 minutu behar ditu lanera joateko, horretarako ikusmira paregabea duen teleferikoa hartzen du eta gero 10 minutu oinez. Ni berriz, ahalik eta gehien txirrinduz mugitzen naiz. Pentsa baino bide gorri gehiago daude hemen. Bestaldetik, New Yorkek berde gune eta parke ugari ditu eta horrek arnas handia ematen dio hiriari.
-         Hizkuntzarekin nola moldatzen zarete? Seme-alabek zuek baino gehiago aurreratu al dute?
Umeentzat eta niretzat lehendabiziko hiru edo lau hilabeteak gogorrak izan ziren. Izaskunentzat ere ez zen erraza izan, ingelesa jakin arren, lan eremu batean erabat ingelesez aritu beharrak badu berea eta. Orain berriz, sinestezina da gure seme-alabek ingelesa nola egiten duten ikustea. Nire mintzalaguna (astean hiru aldiz elkartzen gara eta ordu betez ingelesez eta ordu betez gazteleraz aritzen gara) afaltzera gonbidatu nuen orain dela aste batzuk eta harrituta gelditu zen, “zure seme-alabak diirela jakingo ez banu bertan jaiotakoak zirela pentsatuko nuke” esan zidan. Nire kasuan, aurrerapen handia egin dut (ez zen zaila!) eta orain nahiko txukun moldatzen naiz eta Izaskunek ez du inongo arazorik. Garbi dago umeek guk baino gaitasun handiagoa dutela hizkuntza berri bat ikasteko (eta beste edozein gauza seguraski...) baino bestaldetik, beraiek inmersio ia erabatekoa izan dute, eskolan 6 ordu, lagunekin ingelesez, etxeko lanak, telebisioa... Gure kasuan berriz ordu gehiago pasa ditugu bakarrik ingeleseko interakziorik izan gabe eta etxean euskaraz hitz egiten jarraitu dugunez... ba zailagoa da beraien mailara iristea.
-         Hezkuntza eta osasungintzan aritzen zarete lanean hemen. Zein desberdintasunak ikusten dituzue alor horietan hor?
Osasungintza hemen negozioa da eta ospitale gehienak pribatuak dira. Obamak osasungintzako erreforma aurrera eramaten saiatzen ari da, Bush-en garaitik gauzak asko obetu dira ( ez nahi adina!). Errekurtsorik ez daukan jendeak “Medicare” badu eta horrek asistentiza mediko oinarrizkoa bermatzen die. Hango osasungintza sistema izugarrizko altxorra da eta zaindu egin behar dugu. Bestalde hemen ikerkuntzak asistentzia klinikoarekin lotura estua du. Oinarrizko ikerlariak eta medikuak elkarrekin lan egiten dute eta ikerkuntza eguneroko lanaren atal bat da. Erizainei hemen ardura asko ematen zaizkie eta medikuekin talde lana oso ondo antolatua daukate.
Hezkuntza arloan nabarmentzekoa da arlo praktikoari ematen dioten garrantzia. Ingelesa arloan adibidez hizkuntza tresna gisa ulertzen dute eta tresna horren komunikatzeko lau bide nagusiak lantzen dituzte (hitz egin, entzun, irakurri eta idatzi). Asko idazten dute, asko irakurtzen dute eta ahozko aurkezpen ugari egin behar izaten dituzte. Zientzia arloa oso-oso praktikoa da. Oso txikitatik metodo zientifikoa erabiltzen hasten dira, bere ikerketa xumeak eginez. Gutxiago gustatu zaiguna zera da, gizarten adibidez, ia erabat Estatu Batuetan oinarritzen direla; atzerriko hizkuntzarik ez dute ikasten eta Gorputz Hezkuntzari ez diote garrantzi handirik ematen (hau agian gure eskolaren arazoa da, zeren Marenen eskola berrian soinketa oso ondo antolatua dago). Bestaldetik urtero kanpoko ebaluaioak dituzte eta horrek presio handia eragiten die bai eskoleei eta bai irakasleei. Bukatzeko esan gure umeak dohainik diren eskola publikoetara joan direla eta oso pozik gaudela izandako esperientziarekin.
-         Denbora azkar pasatzen ari al zaizue? Bisita asko izan dituzue. Horrek laguntzen du edo herri mina handiagotzen du?
Denbora beti pasatzen da azkar! Familarteko eta lagun ugari izan ditugu bisitan eta beti ilusio handiz bizi izan dugu. Oso-oso ederra izan da bisitan etorri deiren guztiekin izan dugun esperientzia. Gure harremanak indartu dituelako sentsazioa dugu. Gauza bat da lagun eta senitartekoekin Tolosan izan dezakegun harremana eta beste bat etxe berean toki gehiegirik gabe elkar bizitza egin behar izatea. Benetan aberasgarria izan dela. Hauek alde egiterakoan, eta batez ere lehendabiziko urtean malko batzuk bota izan genituen, baino berehala hemengo zereginetara bueltatu eta kitto. Lagunak eta senitartekoak faltan bota ditugu baino herri min handirik ez dugu izan.
-         Itzultzeko epearekin atera zineten. Horrek laguntzen du?
Zalantzarik gabe. Ezin dugu sikiera imajinatu ere zer izango den zure bizimodua atzean behartuta utzi behar izatea jakin gabe noizbait itzultzerik izango ote duzun, buff! Orain dela ia bi urte Tolosatik irtetzean tristura eta malko ugari egon arren abentura “eroso” bat hastera gindoazela bagenekien. Lana, pisua, eskola... bizitza duin eta interesgarria genuen aurrean. Honetaz gain bagenekien “gure” Tolosako bizitza bertan gelditzen zela gure zai.

-         Gehien gogoratzen duzuen hemengo janaria.
Hemen denetarik topatu dugu baino hango arraia bota dugu faltan.
-         Hor aurkitu duzuen janari berri gustokoa.
Hemen mundu guztiko janaria topa daiteke, Japoneko eta Mexikoko janaria modan dago (naiz eta seguraski hemen eskaintzen dutena hango benetako sukaldearekin zerikusi gutxi izan...). Ezagutu arren lehen ez genuen “guakamolea” egiteko ohitura eta orain maiz egiten dugu.
-         Gehien gogoratzen duzuen hemengo lekua.
Aralar eta iparraldeko kosta.
-         Hor aurkitu duzuena.
Asko daude, kotxerik ez dugu eta horrek asko mugatzen du, baino inguru hau oso ederra da. New Yorken asko esango nituzke, baino bat aukeratzekotan Brooklyn Bridgeko Brooklyngo aldeko parkeak eta ikusmira esango nuke.
-         Newyorktarren definizioa.
New Yorkeko definizioa “mundu bat hiri batean” izan zitekeen. New Yorken mundu guztiko jendea dago eta gehien gustatu zaiguna elkarren arteko errespetua izan da. New Yorkeko jendeak ez oso atsegina izatearen fama du, baino guk batez ere esperientzi positiboak izan ditugu jende gehienarekin.

               -        Udan itzultzekoak zaretela uste du. Hala al da edo luzatu egin behar duzue                  egonaldia?

Udan bi urte beteko dira eta Izaskuni bertan gelditzeko aukera eskaini dioten arren itzuli egingo gara.